Bermeo lurralde menditsu batean dago. Alde batetik, Sollube mendiaren iparraldeko hegala itsasorantz beheratzen da. Lurra osotzen daben material gogorrek, itsasalde guztian 100 metrorainoko itsaslabar ugari egotea eragiten dau, baita itsasoan hatx sakabanatuak egotea be, Gaztelugatxe, Akatz eta Izaro ugarteak esate baterako.

Gaztelugatxe

Itsasaldea hur eukirik, eta dagozan aldats gogorrak gainditu behar izateagaitik beharbada, udalerri hau urez hornitzen daben errekek ez daukie ibilbide oso baketsua. Beste batzuen artean, Akaga, Arronategi eta Etxebarria daukaguz, portuko itsasartea egiten dabenak hirurak be.

Bermeori buruzko agiririk zaharrena Iñigo Lopez, “Ezkerra “, Bizkaiko lehen jaunak eta beraren emaztea Toda andreak gaztelugatxeko, Bakioko eta Bermeoko etxalde batzuk San Juan de la Peña monasterioari emoterakoan egin zana da. Agiriok Bermeoren antxinatasuna erakusten deuskue, baina askoz be urrunagora be joan geintekez.

Gainera, Bermeok, zelanbait, beste uri eta eleizateakazko lehentasuna eukiten jarraitu eban, izan be berak eukan lehenengo botoa eta jarlekua Batzar Nagusietan. Bermeoko prokuradoreek Batzar Nagusietan berba egiten ebenean bertan egozan besteek txapela kentzen eben . Gaur egun harmarrian agertzen dan agure-buru bizardunak justizia osoz nabarmentzen eta iraunarazoten dau Bermeori ostu eutsien titulua…

Bermeok garrantzia handia euki eban baina zoritxarrez ere bete zan: suteak, bizilagun kopuruaren beherakada, pribilejioak galtzea… Dana dala, esan behar da, Bermeok zoritxar danak gainditu ostean, “arrantza-merkataritza” bikoiztasun bat euki ebala eta penintsula osoko ontziteria garrantzitsuena eta handiena euki ebala, hau da, Bilboko portuagazko beiko borroka mantentzeko gai izan zala.

Gaztelugatxe

Arrantza jardunari ekin eutsan barriro be eta, ondorioz, kaietako, kaleetako, eraikinetako, erreketako, harri-lubetako…eraikuntza jardun garrantzitsua egin eben. Ondorioz, urigintzea ikaragarri garatu zan eta, horren eraginez, baita bizilagun kopurua handitu be. Arraina gatzunetan ipinteko lantegi asko eta asko sortu ziran, baita arrantzeagaz zerikusia eukien industriak eta ontziolak be.

Napoleonen inbasinoak eta karlistaldiek eragindako asaldurak gainditu ostean, goraldi ikaragarria izan eban Bermeok, izan be, arrain harrapaketa handiei esker, ekonomiaren egoereak nabarmen egin eban gora. Horreri eske, azpiegitura eta eraikuntza obra garrantzitsuak egin ahal izan ziran, baita zerbitzu publikoetan be, eta horreetako asko zutunik dagoz gaur egun be.

XX.mendean Bermeok inoiz baino kementsuago euki eutson itsasoari, aurrerapen teknologiko danak hartu ebezan. Horreri esker, loraldi garai ezin hobea bizi izan eban, eta bajurako arrantzako abangoardian jarraitu eban bertoko floteak. Alturako flotea be oso garrantzitsua izan da eta da; arrantza-industriarako egitura ezin hobea dauka.

Gaztelugatxe

Bermeoko portu bereziak, alde zaharrak, bainurako kala txikiek, arrain fresko ezin hobeagaz landutako sukaldaritzeak, negu epel eta uda ez oso beroek Bizkaiko turismo-leku trankil eta erakargarrienetako bat bihurtzen dabe Bermeo. Eta, horrezaz ganera, arrantzako tradizinoak sakon-sakon erroturik daukazan herri euskalduna da Bermeo.