Aurten, eta meatzaritzarekin dugun lotura ahaztu nahi izan gabe, ideia berria nahi genuen gure Ibilaldirako. Gero eta gehiago gure ikasleak sare sozial ezberdinei buruz ari dira hizketan, ikastolako ordenagailuak ikas-irakaskuntza prozesuan ezinbesteko elementua dira egun, eta hori dela eta, guk ere internet zaleen artean hain hedatuta dagoen 2.0 horretan sartzeko beharra ikusi genuen, Ibilaldia ere 2.0 izan behar delakoan gaudelako. Hori dela eta, IBIPUNTUZERO, Ibilaldia delako, Trapagako ikastola osatzen dugunontzat BIgarrena delako, eta bi PUNTUZERO izatea nahi dugulako, ikastola osatzen dugunon eta kanpoko guztion arteko harremana etengabea izatea nahi dugulako. Horretarako, ez leloa bakarrik, baizik eta gure aurtengo lagun berria, planeta ezezagun batetik etorri eta gurekin bidea egingo duen Ibiltxo.
Ibiltxok gauza asko ditu guri erakusteko, lurralde ezezagun baten jaioa, espaziuntzi batetik jausi eta Trapagako kaleetara iritsi da, Trapagako Ikastolara. Hasieran ez zen gai umeak ulertzeko, baina argi dauka, ikastola leku ona da euskara ikasteko, eta hortaz, bera ere euskalduna izango da, bera ere Itxaropena Ikastolako umeen lagun izango da.
Ibilaldia berritzailea nahi dugu, eta badakigu ez direla gureak hitz berriak, eta segur aski ez dugula inork dagoeneko asmatu edo pentsatu ez duen ezer egingo, baina gogoz eta ilusioz egingo dugu lan, Euskal Herriko biztanle orori, Euskal Herritik kanpo baina gureari lotuta dauden orori Ibilaldiak suposatzen duen guztia erakusten saiatuko gara, eta horretarako sare sozialak eta internet erabiliko ditugu, Facebook, Tuenti, Twitter, Berriketan.info, eta www.ibilaldia.com webgunea.
Oraindik goiz dela dirudien arren, Ibilaldia errealitate bat da dagoeneko Itxaropena Ikastola osatzen dugunontzat, hainbat batzorde iaz jarri genituen martxan, eta Ibilaldiko arropa Bizkaian barrena daukagu azokatik azokara. Ibilaldia Bizkaiko ikastolen aldeko jai handia da, euskara eta euskal kulturaren aldeko jai handia, Trapagaranek eta Meatzaldeak euskararekiko duten jarrera baikorra aireratzeko aukera da, gure ingurua euskalduntzeko egunero egiten dugun lanean pausu bat gehiago, pausu handi bat.